Astelehenean irekiko da eskaerak aurkezteko epea, ekintzaile berrien bidez herriko merkataritza lokalak betetzea eta jardueretan belaunaldi aldaketa sustatzea helburu duten dirulaguntzak eskuratzeko. Ekimen honen bidez, merkataritza biziberritzea bilatzen du udalak.
Laguntza hau urtebetekoa izango da eta gehienez 500 euroko zenbatekoa jaso ahal izango dute onuradunek hilean, betiere alokairuaren kostuaren %100 gainditu gabe. BEZa ez da diruz ordainduko. Eskaerak aurkezteko azken eguna urriaren 5a izango da, eta udaletxean bertan edo modu telematikoan egin beharko dira.
Dirulaguntza eskuratzeko, hainbat baldintza bete beharko dira. Horien artean, onuradun eta errentatzailearen artean familia loturarik ez izatea, Zumaiako zerga eta tasak eguneratuta izatea, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta edukitzea eta negozioan euskararen presentzia bermatzea. Baldintza guztiak zehaztuta daude oinarrietan.
Aurtengoa izango da Merkataritzako Plan Estrategikoaren barruan dirulaguntza hauek banatzen diren hirugarren urtea. Gainera, aurreko urtean eskainitakoaren aldean, merkatariei zuzendutako dirulaguntza kopurua bikoiztu egin du udalak.




