Zarautz-eko Udalak, Lankidetza Kontseiluak eta Gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) aurkeztu dute aurten egingo duten kanpaina, azken 32 urteetan garapen-laguntzaren alorrean egindako ibilbidea ikusgarri egiteko. Udaleko Gizarte Politiken zinegotzi Jesús Arana-k adierazi duenez, "denbora luzez iraun duen apustu honek Zarautz-i leku nabarmena ematen dio gaur lankidetzaren arloan."
Arana-k azpimarratu duenez, "hiru hamarkada baino gehiagotan, Udal honek elkartasunarekiko, justizia sozialarekiko eta nazioarteko lankidetzarekiko konpromiso irmoa erakutsi du, politika publiko sendo eta erreferentzial bat eraikiz urratsez urrats". Ezinbestekoa izan da irabazi-asmorik gabeko erakundeen lana eta Zarautz-ko GGKEen Koordinakundearen ekarpena, haien konpromisoari, ezagutzari eta eguneroko lanari esker lankidetza politikak sendotu eta eragin erreala izan dute.
Zarautz-ko GGKEen Koordinakundeak, Lide Serrano-ren esanetan, "Zarautz-en, lankidetzaren esparruan, Udalaren eta GGKEen arteko lankidetza sustatzen da, nazioarteko garapen proiektuak babestuz eta herritarren parte-hartzea bultzatuz."
Lankidetza arloko hirugarren zutabea Zarautz-ko Lankidetza eta Garapenerako Hezkuntza Aholku Kontseilua da. 2017an sortua, gaur egun 13 tokiko GGKE eta udaleko ordezkari politikoak ditu. Bilerak urtean hiru aldiz egiten dira, eta tokiko GGKEen eta Udalaren arteko koordinazio-gune bat izatea du helburu, proposamenak, iradokizunak eta kexak eztabaidatzeko. Iñigo Odriozola, Lankidetza Kontseiluko kideak, azaldu du "halako guneek herritarren parte-hartzea indartzen dute, erakundeen eta gizarte zibilaren arteko elkarrizketa sustatzen dute, lankidetza politiken kalitatea hobetzen dute eta gardentasuna eta erantzukizuna bermatzen dituzte."
1994an egin zuen Udalak lehen dirulaguntza deialdia. Garai hartan 3.000.000 pezeta zena, 2025erako 278.288,73 eurokoa izan da aurrekontua. Ordutik hona, Udalak 5.025.007 euro bideratu ditu proiektuetara, aurrekontuaren gutxienez %0,7 lankidetzara zuzenduz. "Ez dugu hau karitate ekintzatzat hartzen, justizia sozialaren ikuspegitik baizik", adierazi du Arana-k, "gure ongizatearen zati bat munduko beste leku batzuetako desoreken ondorio dela argi dugulako eta, neurri txikian bada ere, te konpontzea justizia kontua dela."
Kanpaina honek Udalak, Lankidetza Kontseiluak eta GGKEen Koordinakundeak egindako ibilbidea balioan jarri nahi du. Horretarako, komunikazio-kanpaina bat egingo da, garapen-laguntzaren hainbat esparru ezagutzera emateko. Urtea ixteko, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, ekitaldi berezi bat antolatuko da Zarautz-ko Modelo Zineman, ibilbide hori ospatzeko. Ekitaldi honetarako dokumental bat ere egingo da Zarautz GUKA-rekin elkarlanean, urte hauetako ibilbidea jasoko duena.




