Mutrikuk Malen jaietako edizio berri bat ospatuko du astearte honetan, eta ekitaldiak larunbatera arte luzatuko dira. Bost egun izango dituzte herritarrek eta bisitariek festaz gozatzeko.
Aurtengo jaiak Gazte Egunarekin hasiko dira asteartean, Malen bezperan. Egitarauak hainbat ekitaldi nabarmen biltzen ditu: Bizixo jai konpartsaren txupina eta omendua (14:00etan txosnagunean), gazteen bazkaria (15:00etan Egaña gunean), jaien txupinazoa (18:00etan), esku pilota jaialdia (19:00etan Miruaitzen), Bezperak eta Salbea (19:30ean parrokian), Larrain dantza herrikoia (20:00etan), helduen danborrada (23:00etan Mandazketa elkarteak antolatuta) eta diskofestak.
Asteazkenean, hilaren 22an, Malen Eguna izango da. Egun horretan, Musika Bandaren diana (10:00etan), Meza Nagusia (11:00etan parrokian), Bandaren kontzertua (13:00etan Goiko plazan), haur parkea (goiz eta arratsaldez Egaña gunean), sokamuturra (18:00etan), herri kirolen jaialdia, bertso poteoa (20:00etan Gaztetxetik), Malko taldearen kontzertua (21:00etan txosnagunean), su artifizialak (23:00etan) eta dantzaldia Joselu Anaiak taldearekin (23:30ean Goiko plazan) izango dira, besteak beste.
Ostegunean, hilaren 23an, Malen Txiki Eguna ospatuko da, umeei zuzenduta. Egitarauan umeen marrazki lehiaketa (10:00etan), erraldoi eta buruhandiak (12:00etan), Txikien Madalen txapelketako finalak (17:00etan, Miruaitzen), 'Modernoak' ikuskizuna (17:00etan, Zabiel plazan), umeen danborrada (20:00etan) eta Esna gazte! diskofesta (21:30ean) aurreikusten dira.
Ostiralean Kuadrilla Eguna izango da eta larunbatean, berriz, Santixo eguna ospatuko dute jaiak ixteko.




