Xanti Zabaleta k bigarren aroari ekin dio Orioko emakumeen traineruarekin, eta taldearen eraberritze handia azpimarratu du. "Gogotsu eta ilusio handiarekin" aurkitu ditu arraunlariak azken hilabeteotan, eta "lanerako talde aditua" dela adierazi du, "gozamena" dela horrela aritzea.
Azaroan hasitako lanak fruituak eman ditu, eta talde osoa iritsi da ekainera, 19 arraunlarirekin eta bi patroirekin. Zabaletak adierazi du denboraldi honetan harrobiko zazpi arraunlari izango dituztela, eta denek izango dutela aukera lehian aritzeko, nahiz eta batzuek besteek baino aukera gutxiago izan. "Arrauna talde lana da eta arraunlari bakoitzak bere funtzioa du taldean", gogorarazi du.
Entrenamenduetan, helburu nagusia arraunlari berriak eta aurretik zeudenak uztartzea izan da, aldagelako giroa indartzeko. Kanpotik ikusita, "harreman polita sortu da beraien artean", eta elkartasun eta errespetuzko giroa sumatzen du Zabaletak. Prestakuntza teknikoari dagokionez ere "gogor" aritu direla gaineratu du.
“"Gure indargunea taldean lortu dugun kohesioa da."
Hilabete hasieran Lekeitioko Ikurrina irabazi izanak ilusioa areagotu du taldean. "Emaitza onak lortzen ez dituzunean, ziurgabetasun horrekin bizitzen ikasi behar duzu", aitortu du. Traineru ligara iritsi aurretik, trainerillen denboraldia "formazio gisa" balio duela gaineratu du.
Aurten ere Euskotren ligako ohorezko txandan sartzea du helburu Zabaletak. "Errronkak ezartzea positiboa da", esan du, nahiz eta gero betetzen diren ala ez ikusiko den. Taldearen kohesioa nabarmendu du une txarrei aurre egiteko prestatu dituen gako gisa.
Aurkari zuzenei dagokienez, Zabaletak dio "talde guztiak" direla aurten Orioren aurkari. Talde berria duela esku artean eta oraindik ez dakiela zehazki non kokatzen den gainerakoekin alderatuta.
Bere estropada gustukoenak Kontxako Bandera eta Zarauzko Bandera dira. Azken hau "bigarren Kontxa" zela gogoratu du, eta bere garaian "oso preziatua" zela.
Entrenatzaile gisa duen ardura nabarmendu du Zabaletak, arraunlari izandakoarekiko desberdintasuna azpimarratuz. "Talde oso baten ardura duzu, ez bakarrik teknikoki; arraunlariak pertsonalki nola dauden ere jakin behar duzu", azaldu du.
Orioko Udalak eta OAEk klubean berdintasuna bermatzeko osatu duten plan berriari buruz, Zabaletak adierazi du "urte osoan lantzen aritu diren sistema berri bat" dela eta klubarentzat "beharrezko tresna" dela. "Normaltasun baten barruan jardun behar gara elkarren artean", gaineratu du.
Emakumeen arraunaren bilakaera "handia eta onerako" izan dela esan du Zabaletak, lehiakortasun eta anbizio handiagoa ikusten baitu kirolarien artean. "Urte luzez emandako aurrerapausoek aberastasuna ekarri dute emakumeen kirolera", azpimarratu du.
Denboraldiari ekiteko ilusio eta gogo handia sumatzen da taldean, nahiz eta Zabaletak "ziurgabetasun handia" ere aitortu duen. "Herria gure gainean dagoela sumatzen da", esan du, eta "babesa eta eskuzabaltasuna" beti eskertzen direla gaineratu du.




