Interesdunek beren lanak aurrez aurre aurkez ditzakete udaletxean edo telematikoki www.azkoitia.eus webgunearen bidez, Tramiteak ataleko Lehiaketak azpiatalean. Oinarriak ere webgunean kontsulta daitezke, eta zalantzak argitzeko euskara@azkoitia.eus helbidera idatzi edo 943.542002 telefono zenbakira deitu daiteke.
Epaimahaia Hike eizan! lantaldeko eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bina kidek osatuko dute. Irabazleak ekainaren 1ean jakinaraziko dira.
Lehiaketak hiru kategoria ditu: umeena (14 urtera arte, 2012an edo geroago jaiotakoak), gazteena (15 eta 18 urte bitartekoak, 2008-2011 bitartean jaiotakoak) eta helduena (19 urtetik aurrera, 2007an edo lehenago jaiotakoak).
Sari ekonomikoei dagokienez, umeen mailako bertso-sorta onenak 125 euro jasoko ditu, eta gazteen mailakoak 250 euro. Helduen kategorian, lehenengo sariak 500 euroko diru-saria izango du, eta bigarrenak 250 eurokoa. Horrez gain, Azkoitia Sariak banatuko dira kategoria bakoitzean, herritarrek aurkeztutako bertso-sorta onenen egileentzat: 75 euro umeentzat, 150 euro gazteentzat eta 300 euro helduentzat.
Lanen eskakizunei dagokienez, umeek gutxienez bi bertso eta lau kopla aurkeztu beharko dituzte. Gazteen kategorian sei bertso eskatzen dira, eta helduen kategorian zortzi bertso. Gaia, neurria eta doinua libreak izango dira, baina bertso-sorta guztiak hitanoan idatzita egon beharko dute, eta nokaren erabilera baloratuko da.
Sari banaketa ekitaldia ekainaren 25ean egingo da, VI. Hike eizan! bertso saioaren baitan. Bertan parte hartuko dute Nerea Elustondo, Andoni Egaña, Agin Laburu eta Aner Peritz bertsolariek.




