Udako Musika Printzak zikloak bere azken emanaldia eskaini zuen atzo, Urolako trenari keinu eginez. Mende batez gure bidaide izenburupean, kontzertu ibiltari bat antolatu zen, non Garazi Navasen eta Ignacio Arakistainen musikak, Maite Lopez las Herasen poesia errezitaldiekin eta trenbideko bidai batekin uztartu ziren. Bertaratu zirenek emanaldi berezi batez gozatzeko aukera izan zuten.
Ekitaldia Burdinbidearen Euskal Museoan hasi zen 21:00etan. Bertan, Lopez las Herasek olerkiak errezitatu zituen museoko leiho batetik, eta Navasek (akordeoiarekin) eta Arakistainek (pianorekin) musikaz jantzi zituzten hitzok.
Ondoren, parte hartzaileak trenean sartu eta Lasaorainoko bidaia egin zuten, bagoietan musika eta poesia entzuten. Bagoi bakoitzean, Navasek eta Lopez las Herasek emanaldi ezberdinak eskaini zituzten. Lasaoko geltokian ere beste saio bat eskaini zuten, ilunduta zegoenean.
Kontzertu ibiltariarekin amaitzeko, trenez itzuli ziren denak Lasaotik Azpeitira gauez. Bertaratu zirenak oso gustura gelditu ziren, esperientzia ezberdina eta nostalgikoa izan zelako, aspaldiko trenbida bidaiak gogoraraziz.
Atzoko emanaldiarekin amaitu zen 2026ko Udako Musika Printzak zikloa. Aurtengo zikloa uztailaren 10ean hasi zen Burdinbidearen Euskal Museoan, Javier Perez de Azpeitia pianistak zuzenean musika jarri zien zinema mutuaren hiru klasikori. Bigarren kontzertua uztailaren 16an izan zen Olazko ermitan, Aitor Garitano tenoreak eta Ignacio Arakistainek euskal musikarien piezak interpretatu zituztelarik.




