Mintegiak bi orduko iraupena izango du, 19:00etatik 21:00etara, eta dantza tradizionalaren irakaskuntzan laguntzea du helburu. Kulturaz eta Sahatsa Dantza taldearen laguntzarekin antolatu da ekitaldia.
Sarriegik Gipuzkoako dantza-maisuen oinordetza ezkutua aztertuko du, bereziki Iztuetaren lana eta Urola inguruan joan den mendean ezagutu ziren dantza-moldeak. Saioan, dantzen jatorriari, bilakaerari eta aldaketen arrazoiei buruzko galderak erantzuten saiatuko da.
“"Non dute jatorria gure dantzek? Beti dantzatu al gara berdin? Jakin al daiteke noiz gertatu diren aldaketak? Zergatik gertatu dira aldaketa horiek?"
Mikel Sarriegi, Aurtzaka dantza taldeko dantzari, zuzendari eta ikertzailea da. Raimundo Gamayo, Martin Iraola eta Jesus Mari Garate dantza-maisuekin ikasi zuen, eta ibilbide luzea du dantza munduan. Gipuzkoako dantza-sistemaren bilakaera ikertzen aritu da azken hogei urteetan, eta lan horren emaitza da mintegi hau.
Saioa doakoa izango da, baina parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena kulturaz.eus edo dantzan.eus webguneetan.




