Azpeitia Dantzan egitasmoaren baitan, Sahatsa dantza taldeak bere 50. urteurreneko hirugarren ekitaldia ospatuko du larunbatean Azpeitian. Aurrez Urrestillan eta Azkoitian egon ondoren, oraingoan herriko Alde Zaharrean izango da emanaldia. Ekitaldi honetan, 55 dantzarik eta dozena bat txistularik hartuko dute parte.
Dantzariak eta txistulariak 19:20an aterako dira Basazabal jauregitik, udaletxetik herriko bandera jasotzera joateko. Ondoren, Elizkaletik Soreasuko Sebastian Donearen parrokia aurrera abiatuko dira, non ezpata-dantza eta bandera-dantza eskainiko dituzten. Bertatik, Erdikaletik gora herriko plazara joango dira, 20:00ak aldera, han ere dantza horiek errepikatzeko eta Gipuzkoako bost dantza eskaintzeko.
Saioa amaitzeko, herriko bandera udaletxera itzuliko da eta ondoren, dantzariak Basazabal jauregira erretiratuko dira.
Aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoak lau emanaldi ditu. Lehenengoa Luix Beltzaren dantza suelto eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleena izan zen ekainaren 27an. Uztailaren 5ean, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen areto dantzen emanaldia izan zen Soreasu antzokian.
Azken saioa hilaren 19an izango da, Itsasi euskal kultur taldearen eskutik, Soreasu antzokian 19:00etan. Sarrera doakoa da, baina aurrez eskuratu beharko da Kulturaz.eus webgunearen bitartez.




