Sahatsa Dantza Taldeak berezia bihurtuko du aurten San Joan bezperako ospakizuna Azkoitian, dantzariek eta txistulariek Ezpata Dantza eskainiko baitute. Taldearen 50. urteurrena ospatzeko antolatu den emanaldian, 60 dantzarik eta 10 txistularik hartuko dute parte.
Dantzariak 21:25ean aterako dira Kale Nagusitik, eta Herriko plazan, Ana Azkoitia alkateak Azkoitiko bandera emango dio dantzarien buruzagiari. Ondoren, taldeak Gipuzkoako Ezpata Dantza dantzatuko du Plazaberritik barrena Balda plazara arte, eta bertan ikuskizuna eskainiko du.
Ezpata Dantza okasio berezietan dantzatzen zen eta Sahatsak gutxitan eskaini izan du Azkoitian. Aurretik, 2014an, 2018an (taldearen 40. urteurrenean) eta 2022an dantzatu zuten, baita 2024ko San Joan bezperan ere, Azkoitiko Hiri Gutunaren 700. urteurrenaren harira.
Aurten Darahli Elkarteak piztuko du sua, eta ondoren, Sahatsa Dantza Taldeak jarraituko du bere emanaldiarekin Balda plazan. Amaitzeko, herritarrek Plaza Dantzak egiteko aukera izango dute, Aitor Sorazuren zuzendaritzapean.
Festa giroa arratsaldean hasiko da. Izan ere, Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak eta Txalkor Txistulari Taldeak 'Dantzarien Doniene Saioa' eskainiko dute 19:15ean, Balda plazan.




