Aurtengo ospakizuna berezia izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamentuak eta Pagoeta Mendizale Elkarteak elkarlanean antolatu baitute 'Pagoetako natura-parkearen eguna'. Ekimen honen helburua parkearen landaredia, fauna, abeltzaintza, nekazaritza eta aisia aukeren ekarpena balioestea da. Aiako Udalarekin eta Etorlur sozietate publikoarekin ere egin dute lankidetza.
Ekainaren 7an izango da ekitaldia, Zarauzko Pagoeta Mendizale Elkarteak hamarkadak baitaramatza Pagoeta Eguna antolatzen, eta aurten 60. edizioa beteko du. Data aukeraketan, Europako Natura 2000 eta Europako natura-parkeen egunak ere hartu dira kontuan.
Foru Aldundiak antolatutako ekintzak Pagoetako gailurrean hasiko dira 10:15ean. Zarauztik joateko, Guria tabernatik 08:30ean abiatuko den ibilaldia gomendatzen da, mendian ibiltzeko ohitura dutenentzat eta ekipamendu egokia dutenentzat. Ume txikiekin edo zakurrekin joatea ez da egokia.
Gailurrean, parte-hartzaileek pottoka arrazako zaldiak ikusteko aukera izango dute, Gipuzkoako Pottokazale Elkarteko adituek azalduko dituzten zaintza eta ustiapen xehetasunekin. Ondoren, Basabiziren (Urnietako basa-fauna berreskuratzeko zentroa) funtzionamendua ezagutuko dute eta bertan sendatutako hegazti bat askatuko da.
Jardueren artean, Oiartzungo taldearen eskutik euskal makila borroka erakustaldia izango da, antzinako defentsa teknika bat. Ondoren, 11:30ean meza emango da gurutzearen ondoan, eta jarraian Zarauzko TRIK Kultur elkartekoen trikitia entzuteko aukera izango da.
Goizean zehar, Zarauzko Pagoeta Mendizale Elkarteari esker janaria eta edaria egongo da, baina edalontziak norberak eraman beharko ditu.
Pagoetako natura-parkea, 29 kilometro koadroko azalera duena, 1998an eremu babestu izendatu zen eta 2012an Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) bihurtu zen. Parkearen %88 Aiako udal barrutian dago, eta gainerakoa Zarautz eta Zestoako udalerrietan. Bertako paisaia abeltzaintzak, nekazaritzak eta basogintzak moldatzen dute, eta gipuzkoarrentzat garrantzi handiko aisia-lekua da.




