Kontxako Bandera: Lurraldebus zerbitzu bereziak izango dira

Irailaren 6an eta 13an, Oarso-Bidasoko lineetan errefortzuak izango dira estropadetara joateko.

Irudi generikoa: Kontxa badia estropada garaian.
IA

Irudi generikoa: Kontxa badia estropada garaian.

Lurraldebusek zerbitzu bereziak eskainiko ditu Donostiako badian jokatuko den Kontxako Bandera dela eta, irailaren 6an eta 13an.

Donostiako badian jokatuko den Kontxako Bandera dela eta, Lurraldebus ek bere autobus zerbitzuak indartuko ditu irailaren lehen bi igandeetan, hilaren 6an eta 13an. Zerbitzu berezi hauek Oarso-Bidasoko hainbat lineari eragingo diete.
Zehazki, E01 (Donibane – Lezo – Errenteria-Orereta – Antxo – Donostia), E02 (Oiartzun – Errenteria-Orereta – Pasaia – Donostia N-1), E05 (Errenteria-Orereta – Beraun – Morrongilleta – Antxo – Donostia), E09 (San Pedro – Donostia), E21 (Hondarribia – Donostia) eta E27 (Hondarribia – Irun – Errenteria-Orereta – Antxo – Donostia) lineek ohiko zerbitzuez gain, errefortzuak izango dituzte estropaden hasiera eta bukaera aldera.
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuko diputatuak adierazi duenez, neurri hauek jendeak estropadetaz modu jasangarrian, eskuragarrian eta erosoan gozatzeko aukera emango du. "Kalitatezko garraio publikoaren alde egiteak mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egitea ahalbidetzeaz gain, herritarren bizi kalitatea hobetzen, haien segurtasuna bermatzen eta bizitzako hainbat esparrutara, aisialdia barne, iristeko aukera demokratizatzen laguntzen du, pertsona guztien aukera berdintasuna bermatuz", gaineratu du.
Autobusen ordutegi zehatzak Lurraldebusen webgunean edo 900 30 03 40 telefono zenbakian kontsultatu ahal izango dira.