Gizonezkoen ontziak berehala utzi zituen atzean ohorezko txandako beste hiru taldeak: Zierbena, Bermeo eta Getaria. Azken hau oso atzean gelditu zen, eta bigarren luzean dagoeneko 20 segundo zen atzetik. Orio besteekiko tartea zabaltzen joan zen, eta azken luzean 13 segundoko aldea atera zion Zierbenari, garaipena erraz lortuz. Horrela, Oriok bere laugarren bandera eskuratu du aurtengo ligan.
Emakumezkoei dagokienez, Orioren emaitza ez zen hain ona izan. Ohorezko txandan lehiatu zen, baina hasieratik gelditu zen oso atzean. Lehenengo ziabogan dagoeneko 19 segundoko aldea zuen Arraun Lagunak taldearekiko. Azken honek irabazi zuen bandera, liga hasi zenetik guztiak poltsikoratu dituelarik. Tolosaldea ere fin aritu zen, eta bigarren postuan sailkatu zen.
Bestalde, KAE 1 ligan, Orio B taldeak helburua lortu zuen Erandion (Bizkaia) jokatutako erlojupekoan. 11. izan zen, Arkoteren aurretik, 21.53.11 denbora eginda. Deusto gailendu zen Bizkaiko estropadan, 20.24.42 denborarekin, eta Zumaia eta Zarautz sailkatu ziren ondoren.




