Orioko arraunlariek, bai gizonezkoek zein emakumezkoek, jaso dute omenaldia herrian bigarren igande jarraian, asteburuan eskuratutako banderak ospatzeko. Larunbatean Lekeitioko Ikurrina jokatu zen, eta bertan bi banderak irabazi zituzten oriotarrek, emakumezkoen zein gizonezkoen kategorian. Igande eguerdian, berriz, Euskadiko Traineru Txapelketa jokatu zen Getarian, eta bertan ere gizonezkoek txapela eskuratu zuten, emakumezkoak sailkatu ez ziren arren.
Atzo arratsaldeko 20:00etan, hiru banderak astindu zituzten Errusta paretik hasi eta udaletxeraino, Orioko Txarangaren doinu alaiei jarraiki. Udal eraikineko balkoian, hiru banderak aldi berean atera eta herritarren txalo artean astindu zituzten. Pozarren zeuden guztiak, baina bereziki emakumezkoen traineruko kideak, larunbatean irabazitako banderari 'aupa Orio!' oihukatuz astinduz.
Orio Arraunketa Elkarteko bi traineru nagusien entrenatzaileak ere bertan izan ziren ospakizunean: Santi Zabaleta (emakumeena) eta Iker Zabala (gizonezkoena). Biak gustura agertu ziren asteburuaren balorazio positiboarekin.
Santi Zabaletak, emakumezkoen taldeko entrenatzaileak, pozik zegoela adierazi zuen, Lekeitioko Ikurrina irabazi ostean. Joan zen astean Euskadiko Txapelketara sailkatzerik lortu ez bazuten ere, asteburu honetan 'arantza kendu ahal izan dute'. Talde berri samarra dela eta kohesioan lantegi horretan 'halakoak gertatzen dira', azaldu zuen, 'erregulartasunaren bila gabiltza'.
Iker Zabala entrenatzaile bizkaitarraren taldea, berriz, egonkorragoa da, iazkoaren bizkarrezurra mantenduta, eta jokatutako estropada guztiak irabazi ditu, bat izan ezik. 'Orain arte, perfekto', laburbildu zuen bere balorazioa, nahiz eta 'beti daukat kezka buruan, trainerua are azkarrago joan dadin nahi dudalako, eta gainera, denboraldia orain hasten delako'. Hurrengo hitzordua asteburu honetan bertan izango dute, Espainiako Traineru Txapelketa jokatzera joango baitira.




