Oriok Eusko Label ligako lehen bandera irabazi du Buitrago del Lozoyan

San Nikolas ontziak nagusitasunez ekin dio denboraldiari, Zierbenari eta Donostiarrari ia zortzi segundoko aldea aterata.

Ur-kirol proba bateko argazkia, ur lasaietan eta helmuga-bandera lausotuta.
IA

Ur-kirol proba bateko argazkia, ur lasaietan eta helmuga-bandera lausotuta.

Orioko gizonezkoen lehen taldeak nagusitasunez irabazi du Eusko Label ligako lehen jardunaldia, Madrilgo Buitrago del Lozoyako urtegian jokatutako erlojupekoan.

San Nikolas ontziak ia zortzi segundo atera dizkie Zierbenari eta Donostiarrari, bigarren eta hirugarren sailkatuei, eta bandera astinduz, modu ezin hobean hasi du denboraldia. Proba ezohiko formatuan jokatu da, sei luze eta bost ziaboga eginez, binaka jokatu duten erlojupekoan.
Iker Zabalak entrenatzen duen taldeak alde nabarmena lortu du hasieratik: lehen ziabogan segundo bat aurretik zen, bigarrenerako bi segundoko aldea zuen, hirugarrenerako laukoa, eta helmugan zortzikoa.
Eskualdeko beste talde bat, Getaria, ere lehiatu da gaur. Oriok baino 26 segundo gehiago behar izan ditu lanak bukatzeko, baina txukun aritu da, hamabi traineruetatik bosgarren azkarrena izan baita Esperantza ontzia.
Emakumezkoen Euskotren ligako lehen jardunaldia ere gune berean jokatu da, baina distantzia laburragoan: lau luze eta hiru ziaboga. Donostiako Arraun Lagunak izan da azkarrena, Oriori hamabi segundoko aldea aterata.
Hasieran Oriok izan du abantaila, baina bigarren luzean Donostiakoak aldea jan eta handik hiru sartu dizkio. Helmugarako bederatzi segundoko aldea zuen bien artean, eta hamabikoa izan da azkenean.
Zumaia da Euskotren ligari ekin dion beste talde Urola Kostakoa. Zortzi traineru lehiatzen dira emakumezkoen lehen mailan, eta gaurkoan, zazpigarren sailkatu da Zumaia.
Bestalde, Orio B taldeak ez du zorte bera izan KAE 1 ligako proban. Plentziako uretan, hamabi ontzietatik makalena izan da, eta sailkapen orokorreko azken aurreko postuan dago.