Ana Azkoitia alkateak Hiri eta Komunitate Lagunkoien Mundu Biltzarrean parte hartu du

Donostiako topaketan, adineko pertsonak erdigunean jarrita, hiri politikak eta lankidetza sareak landu dituzte nazioarteko ordezkariek.

Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu Biltzarrean parte hartu duten alkateen talde anitza.
IA

Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu Biltzarrean parte hartu duten alkateen talde anitza.

Ana Azkoitia alkateak parte hartu du Donostiako Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu Biltzarrean, non adineko pertsonak erdigunean jarrita, hiri politikak eta lankidetza sareak landu diren.

Donostian ari dira egunotan Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu Biltzarra ospatzen. Bertan gauzatu den Alkateen Foroan parte hartu du Ana Azkoitia alkateak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zein nazioarteko beste hainbat alkateren artean. Topaketa honetan, adineko pertsonak erdigunean jarrita, haiei zuzendutako hiri politikak, gobernantza ereduak eta lankidetza sareak izan dituzte hizpide nagusi.
Azkoitiako alkateak aurreratu duenez, biltzarreko hainbat partaide ostiralean Azkoitian izango dira, bertako Pasira egitasmoa ezagutzeko. Udalak azpimarratu duenez, Donostiako topaketa "erreferentziazko" nazioarteko ekitaldia da, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Imsersok sustatua.
Biltzarrean, gizarte gero eta zaharrago batek sortzen dituen erronka eta aukeren inguruko ikuspegiak, esperientziak eta ikaskuntzak partekatu dituzte hainbat herrialdetako ordezkariek, profesionalek eta adituek. Biztanleria zahartzearen ondorioz hirietako bizitzaren eremu guztiak eraldatzen ari direla nabarmendu da, eta horrek erronka eta aukera berriak dakartzala etxebizitza, espazio publikoa, mugikortasuna, zaintza, parte hartze demokratikoa, enplegua, tokiko ekonomia, bizialdi osoko ikaskuntza, klima larrialdia eta bizikidetza bezalako esparruetan.
Testuinguru horretan, tokiko gobernuek politikak, gobernantza ereduak, lankidetza sareak eta antolaketa kolektiboko moduak birpentsatu behar dituztela adierazi du udalak.