Maiatzeko azken astean ospatzen ari den Kukuarri Astea ekitaldiak aurrera jarraitzen du Orion. Hasiera batean, Talai Mendi Trail mendi lasterketarekin abiatu zen egitaraua, eta igandean, Kukuarri Eguna ospatuz amaituko da.
Astean zehar, haurrentzako ekintzak izan dira protagonista nagusiak. Besteak beste, orientazio proba bat eta slickline saio bat egin dira. Gaur, larunbatean, haurrek gehien gozatzen duten jardueren txanda izan da: eskalada eta tirolina.
Parte hartzaileek Eliza azpiko horma eskalatu dute lehenik, eta ondoren, tirolinan jaisteko aukera izan dute. Eliza aurretik Herriko Plazara zabaldutako tirolinak etenik gabe funtzionatu du bizpahiru orduz, haur eta gaztetxo ugari ibili dira bertatik jaisten.
Bihar Kukuarriko tontorrera igotzeko eguna izango da. 09:00etan jarri dute juntadizoa Herriko Plazan, mendi puntara elkarrekin abiatzeko. 11:00etan elizkizuna egingo dute tontorrean, eta salda eta pintxoak banatuko dituzte.




