Inmo Azkue Pulpok Gipuzkoako lehen mailara igotzea lortu du

Taldeak denboraldi borobila egin du, hamalau partidatan hamahiru garaipen eskuratuz eta mailaz igoz.

Jokalari gazteen talde bat garaipena ospatzen.
IA

Jokalari gazteen talde bat garaipena ospatzen.

Bergaran ospatu dute Inmo Azkue Pulpoko senior neskeen taldeak Gipuzkoako lehen mailara igotzea, taldea berreskuratu ondorengo lehen denboraldian.

Partida bukaerako txistua entzun orduko hasi zen ospakizuna kantxan. Une horretan ziurtatu zuten Inmo Azkue Pulpoko senior neskek Gipuzkoako lehen mailara igoera, taldea berreskuratu osteko lehen denboraldian. Sasoi borobila egin dute, gainera: hamalau partidatan hamahiru garaipen eskuratu dituzte.
Igoeraren atzean taldelana, konfiantza eta klubaren babesa daudela nabarmendu dute June Uranga Esnaola eta Nerea Bernal Korta jokalariek. "Helburua lortu genuela sentitu genuen denok. Momentu oso berezia izan zen, poztasun eta harrotasun handikoa. Denboraldi osoan egindako lan guztia etorri zitzaigun burura", adierazi du Bernalek. Uranga pozik agertu da, gainera, Bergaran irabazteaz: "Lehen itzulian galdu genuen han, horregatik, garaipenak zapore berezia izan zuen".
Presioari dagokionez, hasieratik argi zuten helburua mailaz igotzea zela. "Gure artean tentsio pixka bat sortzen zen partida zailak iristen zirenean, baina, batez ere, ilusioa izan da nagusi", azaldu du Bernalek. Urangak gaineratu du Bergararen aurkako porrotak "kolpe txiki bat eman zigun, aurkari sendoa zela ikusi genuelako, baina, aldi berean, horrek lanean jarraitzeko motibazio handiagoa sortu zigun".
Taldeak denboraldi honetan partida bakarra galdu du. Nerea Bernalek aitortu duenez, "amorru pixka bat izan genuen, baina partida oso parekatua izan zen eta ez genituen sentsazio txarrak izan. Pozik geratu ginen egindako lanarekin". Taldeak konpromiso handia behar zuela argi izan zuten hasierako bileretan, eta "gustatzen zaigulako ibiltzen gara eskubaloian" esan du Urangak. Momentu zailetan, gazteen taldeko jokalariek ere laguntza handia eman diete.
Zergatik den hain zaila haien aurka irabaztea galdetuta, Bernalek azpimarratu du "taldean konfiantza handia dugu. Hasieratik sinistu dugu helburuan, eta elkarri emandako babesak asko lagundu digu momentu zailetan". Konfiantza hori eraikitzeko, entrenatzaileak eta kapitainak garrantzitsuak izan dira erabakiak hartzerakoan, beti taldearen iritzia kontuan hartuta. Kantxatik kanpoko giroak ere sendotu du taldea, "afariek eta elkarrekin pasatutako denborak" baliatuta.
Pulporekin lehen mailara igotzeak esanahi berezia du klubarentzat. "Klubak hasieratik sinestu du gugan eta babesa eman digu. Lubakin sortzen den giroa ere nabarmentzekoa da, askotan sentitu baitugu zaleen bultzada kantxan", dio Bernalek. Gurasoen rola ere "oso garrantzitsua" izan da.
Uranga eta Bernalek argi dute igoera helmuga baino "abiapuntua" dela, eta hazten jarraitu nahi dutela. Lehen mailako erronka nagusia esperientzia faltan datza, "talde oso gaztea gara, eta lehen mailan esperientzia handiko taldeak egongo dira. Beste taldeekin alderatuta, horretan egongo da alde handiena seguruenik".