Getariako Salbatore Jaiak abuztuaren 5etik 9ra ospatuko dira, datorren igandera arte. Aurtengo edizioan, Getariako Arraun Elkartearen 50. urteurrenak berezitasun nabarmena izango du, gauerdiko txupinazoaren protagonista izango baita elkarte hau.
Jaiak herri osoaren elkarlanari esker antolatzen dira urtero, bertako elkarte, eragile, boluntario eta udaleko langileen lanari esker. Getariako Udala esker ona adierazi die parte hartzaile guztiei eta herritarrak gonbidatu ditu jaiak errespetuan eta giro onean ospatzera.
Getariako Arraun Elkarteak (GAE) 50 urte bete ditu aurten, eta ohorezko lekua izango du jaietako hasiera ekitaldian. GAEko ordezkariak izango dira udaleko balkoian bandera igotzeko eta jaiak ofizialki hasteko arduradunak.
Egitarauak hainbat berrikuntza dakartza adin guztietakoentzat. Uretako puzgarriak, portuko uretan gozatzeko aukera, Elkanoren Lehorreratzea ikuskizun historikoa, zezen suzkoaren entzierroa eta batel txapelketa herrikoia izango dira aurtengo nobedadeetako batzuk.
Berrikuntzekin batera, betiko hitzordu arrakastatsuek ere jarraituko dute: pilota txapelketak, marmitako eta patata-tortilla lehiaketak, kontzertuak, kale animazioa, haurrentzako jarduerak eta herri bazkariak, besteak beste. Bost egunez, Getariako kaleak musikaz, kulturaz eta jai-giroz beteko dira.




