Lau urtean behin egiten den Elkanoren Lehorreratzea ikuskizuna ospatuko da ostiral arratsaldean, Getarian, 17:00etatik aurrera. Aurreko urteetan bezala, jendetza espero da Getariako kaleetan, ez bakarrik bertako bizilagunen artean, baita inguruko herrietako bisitarien artean ere, moilako eta Alde Zaharreko kaleak eta txokoak betez.
Salbatore jaien barruan antolatu dute aurtengo lehorreratzea. Ekitaldi honek eragin nabarmena izango du Getariako trafikoan, baita eskualdekoan ere. Hori dela eta, arduradunek jakitera eman dutenez, kostako N-634 errepidea itxiko dute Zumaia eta Zarautz artean, 15:00etatik 19:30era bitartean. Horrek esan nahi du ezingo dela autoz joan Getariara denbora tarte horretan.
Gainera, anezka autobus zerbitzua jarriko dute ibilgailu pribatuen ordez. Autobus hauek 10-15 minuturo ibiliko dira Zumaia eta Getaria artean, baita Getaria eta Zarautz artean ere. Zumaiatik Getariara doazenek porturaino eramango dituzte bidaiariak, eta Gaztetapen buelta emanda itzuliko dira Zumaiara. Zarauztik datozenek, berriz, Iturritxikin emango dute buelta eta Zarautzera itzuliko dira.
Meagatik, berriz, Getariako bizilagunek bakarrik izango dute herrian sartzeko aukera. Horretarako, gidarien nortasun agiria egiaztatuko dutela adierazi dute arduradunek.




