Getariako Elkano Arrantzale Kofradiak esker ona adierazi nahi izan dio herriari 2026ko Antxua Egunaren antolaketan eta ospakizunean jasotako laguntzagatik. Aurreko edizioetan bezala, aurtengo ekitaldiak ere arrakasta handia izan du, eta horretan funtsezkoa izan da herritarren parte-hartzea eta babesa.
Jaialdiaren barruan, bi emanaldi musikal nabarmendu ziren. Larunbatean, Errenteriatik etorritako Zaria Koru Eskola abesbatzak kontzertu bikaina eskaini zuen. Imanol Elizasu piano-jotzaile, abeslari eta zuzendariak 2015ean sortutako eskola koral honek, kantu-eskolak baino askoz gehiago eskaintzen ditu, eta hamabost abestiz osatutako egitarau ederra aurkeztu zuen elizan.
Igandean, berriz, Getariako Musika Bandaren txanda izan zen. Salbatore elizan egindako emanaldia ere bikaina izan zen, eta Eneritz Jauregiren zuzendaritzapean, hainbat pieza jo zituzten jendaurrean igande eguerdian. Horien artean, Puenteaereas (R. Soutullo), Euskal-Festara (J.M. Usandizaga), Victory (J. De Haan), Highlights from Brave (S. O´Loughlin mold.) eta Lord of the Dance (F. Bernaets mold.) entzun ahal izan ziren.
Kofradiak egitarau zabala prestatu du, eta horretarako laguntza ugari jaso du. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten guztiei, eta espero dute datorren urteko Antxua Eguna ere denon artean aurrera ateratako jaia izatea.




