Aurten ere izango da aukera esku pilotaz gozatzeko Urrestillako sanjoanetan. Hasiera batean ekainaren 19rako antolatuta zegoen goi mailako pilota jaialdia bertan behera geratu zen, antolatzaileek azaldu zutenez, Aspe enpresak telebista emankizunetarako akordio berri bat sinatu zuelako. Aurtengoa 27. edizioa izango zen jaialdi honetan.
Hutsune horri irtenbidea aurkitu zaio, eta pilotazaleentzat hiru eskuzko pilota partida antolatu dira Txikuri pilotalekuan ekainaren 19rako, Euskal selekzioa Urrestillatik mundura lelopean. Jaialdia 21:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da.
Pilotazaleak gonbidatu dituzte pilota jaialdira.
Hilaren 19an jokatuko diren partidak honakoak izango dira: lehenengoan, Olatz Arrizabalaga eta Enara Gamindez arituko dira; bigarrenean, Azketa eta Garmendia, Etxeberriaren eta Irazustabarrenaren aurka; eta hirugarrenean, Egigurenek eta Bernaolak, Muruaren eta Elorzen kontra.




