Garbiñe Odriozola, Amagar musika taldeko kide izandakoa, hil da gaur, astelehena, Azpeitian, 70 urte zituela. Odriozolak eta Amaia Garmendiak sortu zuten Amagar taldea 1970eko hamarkadan, eta herriz herri ibili ziren kontzertuak eskaintzen.
Gitarra jotzeko eta kantatzeko zuten zaletasunak elkartu zituen Odriozola eta Garmendia. Garai hartako euskal abeslarien kantuak ez ezik, beren sorkuntzak ere jotzen zituzten. Taldea Unai Frantzesena eta Jon Ostolazarekin osatu zen eta disko bat kaleratu zuten.
Urte batzuk agertokietan igaro ondoren, taldea desegin egin zen. Hala ere, Amagar taldeko kideek kontzertu berezi bat eskaini zuten 2015ean, Xabier Saldiasekin eta Unai Irukoarekin batera, Soreasu antzokian, Karmelo Etxegarai ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko.
2017an Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportaje batean, bi musikariak beren ibilbideaz aritu ziren hizketan.




