Europako 28 herrialdetako 113 geoparketan aldi berean izango diren ekintzen barruan, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere ondare geologiko eta naturala ezagutaraztea eta kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea du helburu nagusi. Ekitaldiaren irekiera Mutrikun izango da ostegunean.
Zumaian, ostiralean, surfaren eta zientziaren inguruko kale erakusketa bat inauguratuko dute Moilaberri inguruan. EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak sortutako erakusketa honek, infografien bidez, surf-taulen teknologia eta olatuen zientzia azalduko ditu.
Larunbatean, maiatzaren 23an, Geoparkeko Biraren zati bat egingo dute oinez, Zumaia eta Mutriku arteko 17,7 kilometroko ibilbidea. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena.
Hilaren 26an, Zumaian bertan, Surfa eta Zientzia erakusketaren barruan, Joseba Egaña Euskalmeteko arduradunak metereologiak olatuengan duen eragina azalduko du Oxford aretoan.
Maiatzaren 27an, Tony Butt surflari eta ozeanografoak Asier Hilario geoparkeko zuzendari zientifikoarekin solasaldia eskainiko du Aita Mari aretoan, sarrera librea izango delarik.
Gainera, III. Mikroipuin Lehiaketa martxan jarriko da, Geoparkeko olatuak gaia duten kontakizun laburrak aurkezteko. 16 urtetik gorakoek har dezakete parte.
Mutrikun eta Deban ere izango dira ekintzak. Mutrikuko Nautilus Museoan, familientzako tailerra egingo dute flyschari buruz, eta ondoren itsasontziz Saturraran inguruko itsaslabarrak ezagutuko dituzte.
Hilaren 29an, Deban, Eduardo Ogando eta Ibon Oregi hizlariek surfa eta orekaren arteko harremana jorratuko dute 'Orekariak' solasaldian.
Astea amaitzeko, maiatzaren 30ean, Deban intsektuak ezagutzeko irteera bat antolatu da, Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek gidatuta, biodibertsitatearen garrantzia azpimarratuz.




