Gipuzkoako enpresarien elkarteak hainbat sari banatu zituen duela egun batzuk Donostian egindako ekitaldian. Bertan, Landetako Antzibarrena poligonoan kokatuta dagoen lantegiak jaso zuen aitortza horietako bat. Elmubas enpresak jarduera gizarte arloari, gobernantza egokiari eta ingurumenari lotutako printzipioak kontuan hartuta gauzatzen duelako saritu dute.
Ekitaldian, enpresaren izenean, Leire Alkorta k eta Nerea Filgueira k jaso zuten saria. Elmubasek txakurrentzako eta katuentzako janari lehorra ekoizten du eta gaur egun 200 langile baino gehiago ditu. Sektoreko enpresa liderra da Europan, eta 30 urtetik gorako ibilbidea du.
Enpresaren jabetza aldatu da historian zehar. Piensos Bastida zena Portobello Capital ek erosi zuen 2019an, eta 2020an lantegia handitzeko obrak egin zituzten. Joan zen otsailean, berriz, inbertsio funtsak enpresa salgai jarri zuen.
Gainera, 2025 amaieran eta 2026 hasieran, langileak eta zuzendaritza batzordea gatazkan egon ziren. Bost behargin kaleratu zituzten enpresan hauteskunde sindikalak deitzeagatik. Hainbat mobilizazio egin ostean, urtarrilean langileen batzordea izatea lortu zuten.




