Azkoitiko Tta-kun areto futbol taldeak Beltzen Egunean ospatuko du gaur, kirola eta festa uztartuz. Egun osoko jarduerak antolatu dituzte, eta eguerditik aurrera harrera beroa izan dute ekintzek. Goiza umeentzako jolasekin hasi da, eta ondoren, Elkarguneko kiroldegiko kantxako harmailak beteta, afizioaren nahiz Beltzen Torneoko finalak jokatu dira. Mokoluatarrak eta Aizpurutxo taldeak aritu dira txapelketako finalean, eta azken talde honek irabazi du aurtengo edizioa.
Partiden ostean, sari banaketa egin da kantxan bertan. Ondoren, kalera atera dira parte hartzaileak, elastiko beltzak soinean dituztela. Joselontxos txarangak girotu du Alde Zaharreko kalejira, Tta-kun tabernaren aurretik hasi eta herritarrak atzetik zituela.
Arratsaldean ere izango du jarraipena festak. Oteiza frontoietako bazkariaren ondoren, musika izango da nagusi iluntzera arte. Egitarauak honakoak aurreikusten ditu: 14:30ean bazkaria Oteiza frontoietan; 16:30ean bazkarikoak jasotzea; 17:00etan sari banaketa bertan; 17:30ean DJ Uxin b2b Cabatronik emanaldia; eta 19:00etan Sakatu elektrotxaranga, frontoietatik hasi eta kalean behera.




