Azpeitiko Gaztetxearen 21. urtemugaren ospakizunak ostegunean hasi baziren ere, gaur izan dute egun nagusia. Goizean, baltsa jaitsierarekin hasi dituzte antolatutako ekintzak. Hamar taldek edo kuadrillak parte hartu dute aurten, eta 'Gaztetxea...rena izan ez bazen, zer?' lelopean prestatu dituzte baltsak. Jaitsiera hasi aurretik, hamaiketakoa egin dute plazan parte hartu duten gazteek. 12:00etan uretaratu dituzte baltsak, eta nahiz eta ibaian ur gutxi egon, jendetza batu da Urolaren ibaiertzean jaitsiera ikusteko.
Gaztetxearen urtemugako ekitaldiak ostegunean hasi ziren, pala eta ludus txapelketekin Frontoi Txikian. Ondoren, Gaztetxean bildu ziren afaltzeko. Atzo, berriz, futbito txapelketako finalak jokatu ziren herriko plazan. Gaur, baltsa jaitsieraren ondoren, bazkaldu eta ekintzekin jarraituko dute gauera arte.
Gaurko egitarauak bazkaria izango du Gaztetxean 14:30ean, ondoren sari banaketa. Arratsaldean, 17:30ean, sangria, DJ emanaldia eta jolasak izango dira plazan. Gauean, 20:00etan, Gaztetxearen irekiera eta 20:30ean, Lepue Zapaldu eta Jipoituak taldeen kontzertuekin emango diote amaiera egunari.




