Errenteriako Udalak jakinarazi du Xenpelar Tailerretako matrikulazio kanpaina zabalduko dutela astelehenean, hilaren 7an. Izena emateko epea hilaren 18ra arte egongo da zabalik.
Interesdunek online zein aurrez aurre eman ahalko dute izena. Aurrez aurreko matrikula egiteko, Zu! zerbitzuan egin beharko dute, udaletxean zein Aldakoenea eraikinean. Aukera hau hautatzen dutenek hilaren 14tik 18ra bitartean egin beharko dute matrikula, eta aurretiaz hitzordua eskatu beharko dute 943 44 96 00 edo 010 telefono zenbakietara deituta, hilaren 10etik 18ra bitartean.
Udalak argi utzi du izena emateak ez duela plaza bermatzen. Izan ere, plaza kopurua baino izen emate gehiago dituzten ikastaroetan, zozketa bidez esleituko dira plazak.
Behin-behineko onartuen zerrenda hilaren 23an argitaratuko dute udalaren webgunean, eta aurrez aurre kontsultatu nahi dutenek Lekuona Fabrikan egokituko dituzten euskarrietan ikusi ahal izango dute.
Programazio osoa kontsultatzeko zein zalantzak argitzeko, udalaren webgunea erabil daiteke edo 943 44 96 35 telefono zenbakira deitu.
Bestalde, tasak norberaren egoera ekonomikora egokitzeko aukera izango da. Horretarako, matrikularekin batera dagokion eskaera aurkeztu beharko da, bai online bai aurrez aurre, eredu normalizatuaren bidez.




