Ostiralean, irailaren 4an, gizonezkoen senior mailako taldeak arituko dira. Lehen neurketa 17:00etan izango da, Saizar Usurbil KE (1. Nazionala) eta Txikipolit Zarautz KE (2. Nazionala) taldeen artean. Ondoren, 19:15ean, Amenabar Zarautz (Ohorezko Zilarrezko Maila) eta Club Balonmano Romo Broker Kirol (1. Nazionala) neurtuko dira.
Larunbatean, irailaren 5ean, emakumezkoen txanda izango da. 17:45ean, Urbil Usurbil KE (Lurralde Maila) eta Ameztoi Zarautz (Euskal Liga) arituko dira. Txapelketako azken partida 19:30ean jokatuko dute Urdanetak (Euskal Liga) eta Aiala Zarautzek (Ohorezko Zilarrezko Maila).
Txapelketaren helburua denboraldi-aurreko prestaketa osatzea bada ere, antolatzaileek nabarmendu dute ikusleek maila handiko norgehiagokak ikusteko aukera izango dutela. Herritarrak eta eskubaloi zaleak Oiardo kiroldegira bertaratzera gonbidatu dituzte, sarrera doakoa izango baita bi egunetan. Gainera, taberna irekita egongo da jardunaldi osoan zehar.




