Gaur goizean Getariako uretan lehiatu diren trainerillen estropadek Antxoa Eguneko ospakizunari amaiera eman diote. Lehiaketa honek Gipuzkoako ligarako puntuagarria izateaz gain, irabazleek bandera preziatuak ere jaso dituzte.
Gizonezkoen senior mailan, Orioko Arraunketa Elkarteko taldea nagusitu da, garaipenaren bandera etxera eramanez. Kategoria berean, Getaria hirugarren postuan sailkatu da, eta Zarautz laugarrenean. Maila absolutuan, baina kopako estropadan, Orio C izan da lehena, Orio B bigarrena, Zarautz B hirugarrena eta Zarautz C laugarrena.
Emakumezkoen senior kategorian, Orio A bigarren izan da, San Juan Beren atzetik. Oriotarren ondoren, Zumaia A, Zumaia B eta Orio B sailkatu dira. Jubenil mutiletan, Getaria laugarren izan da eta Zumaia bosgarren.
Kadeteen estropadek eman diote hasiera goizeko saioari. Emakumezkoetan, Zumaia bosgarren izan da, Zarautz seigarren eta Getaria zazpigarren. Mutiletan, berriz, Zarautz hirugarren izan da eta Getaria bosgarren.




