Apirileko osoko bilkuran, Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) behin-behinean onartu zen EH Bildu gobernu taldearen aldeko botoekin. EAJ-PNVk eta PSE-EEk, ordea, aurka bozkatu zuten proposamenaren aurrean.
EAJ-PNV udal taldeak adierazi duenez, aurka bozkatu du planteatutako hiri-ereduak ez dituelako udalerriaren epe ertain eta luzeko beharrak asetzen. Talde jeltzaleak dio dokumentuak ez diola erantzun egokirik ematen egungo etxebizitza krisiari, eta planaren aurreikusitako indarraldia, zortzi urtekoa omen dena, «ez da nahikoa».
Bestalde, EH Bilduk EAJ-PNV udal taldearen adierazpenen aurrean erantzun du, eta talde jeltzaleari «datu okerrak» eta «interesdun mezuak» zabaltzea leporatu dio hirigintza prozesuaren eta udalerriko etxebizitza egoeraren inguruan.
“"Lotsagarria da nahita gezurra esatea herritarrak engainatu nahian."
EH Bilduk dio EAJk azken hilabeteetan «komunikazio estrategia bat» martxan jarri duela, «bideoetan eta adierazpenetan oinarrituta, batzuetan errealitatea ezkutatzen dutenak eta beste batzuetan zuzenean faltsukeriak zabaltzen dituztenak».
Etxebizitza kopuruari dagokionez, EH Bilduk ukatu egin du EAJk dioen bezala planak 680 etxebizitzara mugatzen duela hazkunde erresidentziala. Azaldu duenez, dokumentuak 800 etxebizitza eraikitzeko aukera aurreikusten du, eta kopuru hori 1.090era irits daiteke hirigintza garapen jakin batzuen bidez.




