Donostiako Klasikoa txirrindulari lasterketaren 45. edizioa bihar, abuztuak 1, izango da, eta goi mailako txirrindulariak Gipuzkoako errepideetan ikusteko aukera izango da. Lasterketa Donostian hasi eta bertan amaituko da, baina bidean Urola Kostako hainbat herri zeharkatuko dituzte, besteak beste, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Azkoitia eta Azpeitia.
Guztira 221,1 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek. Zazpi mendate igo eta bi esprinteko gune igaro beharko dituzte. Proba Oriotik sartuko da eskualdera 11:35 inguruan, eta jarraian Zarautz (11:45), Getaria (11:50) eta Zumaia (12:00) zeharkatuko dituzte, Arroabean (12:05) eskualdea utzi arte.
Eskualdea utzi ondoren, tropelak Itziar eta Deba aldera joko du, eta eguneko lehen mendatea igoko du: Kalbario mendatea (3. mailakoa), Mutrikutik Mendarora. Mendaron, Elgoibar aldera joan beharrean, Azkarate mendatera (3. mailakoa) sartuko dira, Elgoibar eta Azkoitia lotzen dituena.
Azkarate atzean utzita, 13:05 inguruan iritsiko dira txirrindulariak Azkoitiko herrigunera, eta saihesbidetik Azpeitia alderako errepidea hartuko dute. Antolakuntzak 13:10 aldean aurreikusi du proba Azpeitira iristea. GI-2634 errepidetik jarraituko dute, eta zuzenean Urraki mendatera (2. mailakoa) joko dute, eskualdea utzi eta Tolosaldera sartzeko.




