Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean eskubide zibil eta politikoak defendatzeko deitutako manifestaziora joateko autobusak antolatu dira datorren larunbaterako Bilbon. Antolatzaileek izena emateko aukera zabaldu dute dagoeneko, Azkoitiko Dean eta Azpeitiko Haginpe tabernetan.
Larunbatean, autobusa Zestoatik, Azpeititik eta Azkoititik pasatuko da, jarraian zehazten den ordutegian: 15:00etan Zestoako autobus geltokitik; 15:15ean Azpeitiko anbulatorioaren aurretik; eta 15:30ean Azkoitiko Eroski saltoki txikiaren aurretik.
Manifestazioaren helburu nagusiak "Ertzaintzaren inpunitatea" salatzea eta "Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurka" egitea dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, "errepresio betean murgildu gaituzte estatuek, eta horren arduradunak seinalatzea urgentziazkoa da". Horrez gain, "eskubide zibilen eta politikoen aurkako eraso gehiago egon ez daitezen" mobilizatuko direla azpimarratu dute.
Manifestazioa deitu duten eragileen artean daude: Euskal Herriko Global Samud flotilla, Amaya Zabarte, Justizia Aranarentzat plataforma, Gazte Koordinadora Sozialista, Errekaleor Bizirik, Azpeitia Errepresioaren Aurka, Herri Norte Taldea, Bultzada Txuri-Urdina, Iraultza 1921, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Mbolo Moyo Doole.




