Kongresuak egungo testuinguru ekonomiko, geopolitiko eta teknologikoak industria-enpresen lehiakortasunean duen eragina aztertu zuen, eta enpresen, erakundeen eta eragile ekonomiko eta teknologikoen arteko lankidetza indartzearen garrantzia azpimarratu zuen.
Jardunaldiko bi mahai-inguru nagusiek Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainentzat estrategikoak diren bi erronka izan zituzten ardatz: talentuaren kudeaketa eta berrikuntza teknologikoa.
Aitzol Alberdik, Alberdi Mekanizatu Lanak enpresako koordinatzaile nagusiak, talentuaren kudeaketa eta erakarpenari buruzko mahai-inguruan parte hartu zuen. Bertan, aldaketa demografikoak, profil profesionalen bilakaerak eta enpresen behar berriek planteatzen dituzten erronkak aztertu zituzten, Bexen Medical, Smartlog eta SmartPM enpresetako ordezkariekin batera.
Bestalde, Unai Zubeldiak, ERLO Taldeko zuzendari komertzialak, berrikuntza teknologikoari buruzko mahai-inguruan parte hartu zuen. Saioan, teknologia berriek enpresa txiki eta ertainetan duten aplikazio praktikoa landu zuten, prozesuak hobetzeko, negozio-eredu berriak garatzeko eta lehiakortasuna indartzeko eskaintzen dituzten aukerak aztertuz. Mahai-inguruan Ariona Pools, IngeSEA eta BRTA ko ordezkariek ere parte hartu zuten.
Bi enpresen parte-hartzeak Urola Erdiko industria-enpresek Gipuzkoako industriaren etorkizuneko erronken inguruko hausnarketan duten presentzia agerian utzi du.




