Urola Erdiko bost ikastetxek beste urrats bat eman dute Adimen Artifizial Sortzailearen erronkari elkarrekin heltzeko. Urriaren 22an, Ikasberri, Iraurgi, Izarraizpe, Floreaga eta Azkoitia BHI ikastetxeetako zuzendaritzak eta Adimen Artifizialaren ezarpenaren arduradunak elkartu ziren, Iraurgi Berritzenen koordinaziopean, ikasturte honetan martxan jarriko den lan-prozesua partekatzeko, adosteko eta abian jartzeko. Ikastetxe guztiek bat egin dute elkarlanean aurrera egitearen aldeko apustuan.
Ekimenaren indargune nagusia elkarlana eta ikaskuntza kolektiboa da, konfiantzazko espazio bat sortuz esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko, adituen laguntzarekin hausnartzeko eta elkarrengandik ikasteko. Ikastetxe bakoitzak bere errealitatea badu ere, erronka asko partekatzen dituzte, eta horrek aukera paregabea eskaintzen du elkarrekin ikasi eta ikuspegi berriak lantzeko.
Hausnarketatik ekintzara igarotzea izango da hurrengo pausoa. Diagnostiko partekatu batetik abiatuta, ikastetxe bakoitzak bere beharrak eta lehentasunak identifikatu eta ibilbide-orri propio, sinple eta gauzagarri bat landuko du. Helburua da bakoitzak bere errealitatera egokitutako urrats txiki baina sendoak ematen joatea ahalbidetzea.
Elkarrekin ikasi, bakoitzak dagokion errealitatearen markoan aurrera egiteko, eta denen esperientziak partekatuz, talde osoa aberasten jarraitzeko.




