Joan den larunbatean, Realak Espainiako Kopa irabazi zuen Sevillako Cartuja estadioan, Atletico Madrili penaltietan nagusituz. Garaipen honen protagonistetako bat Realeko atezaina izan zen, finaleko jardun bikainagatik. Berarekin batera, Azpeitiako prestatzaile fisikoa ere talde txuri-urdineko kide da.
Bi kide hauei harrera ekitaldi bat egingo zaie Azpeitiako plazan ostegunean, arratsaldeko 19:00etan. Udalak, Lagun Onak eta Ikasberri futbol taldeek antolatu dute ekitaldia. Bertan, Realeko ordezkariak udaletxeko balkoira aterako dira, herritarrak agurtzeko.
“"Ederra da herri bat pozak gainezka ikustea, eta zalantzarik gabe, poza da nagusi Azpeitian Realak Espainiako Kopa irabazi zuenetik. Gainera, Unai Marrero herritarrak larunbateko finalean edukitako protagonismoak oraindik eta bereziago egin du garaipena. Herritar asko izan dira atezainari zorionak emateko eta miresmena adierazteko gogoa agertu dutenak."
Udalak adierazi duenez, harrera ekitaldia “xumea” izango den arren, herriaren poza adierazteko balioko du. Realaren garaipen historikoaren atzean jende askoren ahalegina dagoela kontuan hartuta, prestatzaile fisikoari ere harrera egingo zaio. Bere lana isilpekoagoa izan arren, funtsezkoa da futbolarien errendimenduan, eta osteguneko ekitaldian lan horren aitortza jasoko du.
Horregatik, udalak herritarrak animatu ditu ostegunean plazara joatera, txuri-urdinez jantzita, garaipena ospatzeko.




