San Roke egunarekin, aurtengo Andremariak ere erdibidera iritsi dira Azkoitian. Lehen egunetako erritmoari jarraiki, herritarrak jaietara ateratzen jarraitzen dute, eta goizean ere sumatzen zen jai giroa herrian. Eguerdi partean, udal ordezkarien korporazioak, meza eta erraldoi zein buruhandien kalejirak izan dira ekitaldi nagusiak.
Goizeko hitzordu instituzionaletan, EAJko eta PSE-EEko udal ordezkariak Andre Mariaren Jasokundearen parrokiara joan dira, Txalkor txistulari taldearen laguntzarekin. 11:00etan meza ospatu ondoren, alkatea eta zinegotziak plazara itzuli dira. Bien bitartean, erraldoiak eta buruhandiak kalera irten dira, eta San Martin auzora ere gerturatu dira, herritar ugari gozatuz.
Eguerdiko 12:00ak aldera, jendetza bildu da plazan, non udal ordezkari batzuek aurreskua dantzatu dieten bertaratuei. Ondoren, dantza ekitaldian parte hartu dute hainbat herritarrek eta Sahatsako kideek. Jarraian, Musika Bandako kideek eta Zubiondoko gaiteroek kontzertua eskaini dute Kontzejupean.
Txosnagunean ere egun osoko egitaraua prestatu dute. Eguerdi parterako nabaria zen giroa, eta hainbat lagun paella prestatzen aritu dira trago bat hartzen zuten bitartean. Gero, bazkarirako elkartu dira txosnagunean, eta arratsaldetik gauera arteko ekitaldiak dituzte aurreikusita.
Datozen orduetan ere ekitaldi ugari izango dira herrian. Hona hemen gaurko egitaraua: 16:00etan Ur parkea Balda plazan; 16:30ean La Ruina, txosnagunean; 18:00etan Elektrokelaren emanaldia, txosnagunean; 19:00etan Emakumeen 16. Euskal Herria Kopako finalerdia Realaren eta Eibarren lehen taldeekin, Txerloia futbol zelaian; 19:00etan Freshcool ikuskizuna, eliz atarian, Tio Teronen Semeak konpainiaren eskutik.
Gau partean, 21:15ean Sukena taldearen kontzertua izango da herriko plazan, eta 23:00etan suzko erroberak, Vulcano etxearen eskutik. Jarraian, 23:30ean Bengo abeslariaren kontzertua izango da plazan. Gaueko 23:30etik 02:30era, drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko zerbitzua eta Gune Morea egongo dira parrokiaren aurrean. Azkenik, 01:00etan GZKL eta Lurrikara taldeen emanaldiak izango dira txosnagunean, eta 02:00etan Txumba.




