Eskualdeko merkatariek aukera dute oraindik ere 'Kudeaketa ekonomikoa zure esku' prestakuntza saioan izena emateko. Ikastaro hau Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioak elkarlanean antolatu dute, tokiko merkataritza sektoreari laguntzeko asmoz.
Prestakuntzaren helburu nagusia da merkatariei beren negozioen egoera ekonomikoa hobeto ulertzeko, ekintza-plan eraginkorrak diseinatzeko eta etorkizuneko erabaki estrategikoak hartzeko beharrezko tresnak eskaintzea. Horrela, beren enpresen kudeaketa hobetu ahal izango dute.
Guztira 10 orduko iraupena izango du ikastaroak, eta bost saiotan banatuko da: apirilaren 28an eta 30ean, eta maiatzaren 5ean, 7an eta 12an. Saio guztiak 14:00etatik 16:00etara izango dira, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, Zarautzen (Urdaneta Bidea 6). Aurrez aurreko saioak izango dira eta %100 diruz lagunduak.
Prestakuntza enpresa-estrategia eta plangintzako trebatzaile batek emango du. Parte-hartzaileek hainbat gai landuko dituzte, besteak beste, kontabilitateko oinarrizko kontzeptuak (inbertsioa, amortizazioa, finantzaketa, gastuak eta diru-sarrerak), kontabilitateko tresnak (ustiapen-balantzea, egoera-balantzea eta diruzaintzaren kudeaketa), eta ekonomia eta finantza kudeaketaren funtzioak, kalkulu-orrien bidezko praktika aplikatuekin.
Gainera, merkataritza-enpresen beharretara egokitutako kudeaketa-koadroak diseinatzen eta erabiltzen ikasiko dute. Oraindik ere plaza libre batzuk geratzen dira. Interesatuek enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi edo 943890808 telefonora deitu dezakete informazio gehiago lortzeko eta izena emateko.




