Astindu Dantza Elkarteak esker ona adierazi die larunbatean Zumaian egindako Karibe Konpartsako ikuskizunera gerturatu ziren ikusle guztiei. Elkartearen esanetan, publikoak emandako beroa eta babesa «ikaragarriak» izan ziren, eta dantzarien eta ikusleen energiek bat egin zutela sentitu zuten, «oso gertutik».
«Denon artean sortutako giroaz gozatzeko aukera izan genuen, eta horrek ez du preziorik», adierazi dute, publikoaren eskuzabaltasuna eta jarrera txalotuz. Ikuskizun alai eta dibertigarri baten ondoren, askok dantzatzeko gogoa sentitzen dutela aitortu arren, ausardia falta edo «ez dela zuentzat» pentsatzen dutela aipatu dute.
Hala, Astindu Dantza Elkarteak dei egiten die herritar guztiei dantzatzera animatzera. «Dantza sustatzen dugu, herriarentzat eta herritar ororentzat!» nabarmendu dute. Dantzak dituen onura fisiko eta mentalak azpimarratzeaz gain, harreman sozialak josteko tresna «izugarria» dela gogorarazi dute.
Elkarteak adin ezberdinetako kideak ditu, gazte, heldu zein nagusi, eta hor sortzen den energia «magikoa» dela diote, adina eta sexua gainditzen dituena eta herriko sare soziala indartzen laguntzen duena. Horregatik, 16 urtetik gorako herritar guztiei luzatu diete deialdia, harremanetan jartzeko astindu.zde@gmail.com helbidean edo 623228665 telefonoan.
Amaitzeko, eskerrak eman dizkiote Zumaiako Udaleko Kultur Sailari proiektua babesteagatik eta lanak errazteagatik.




