Asteasu Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko proba hartuko du larunbatean

Anttine elkarteak eta Danena Txirrindularitza Eskolak antolatutako probak korrika eta bizikleta modalitateak izango ditu helduentzat eta umeentzat.

Mendiko bizikleta belardian, atzean Euskal Herriko paisaia lausoa.
IA

Mendiko bizikleta belardian, atzean Euskal Herriko paisaia lausoa.

Asteasu larunbatean hartuko du Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko proba bat, Anttine elkarteak eta Danena Txirrindularitza Eskolak antolatuta.

Helduen duatloiak bi proba izango ditu: 7,18 km-ko mendi lasterketa (302 metroko malda) eta 15,76 km-ko mendi bizikleta (631 metroko malda). Irteera eta helmuga Elizmendi plazan jarriko dituzte, eta Saskarate baserriraino doan zirkuitua prestatu dute, kanposantutik barrena.
Aritz Segurolak, Anttine elkarteko kideak, azaldu duenez, iazko arrakastaren ondoren aurten ere jarraipena ematea erabaki dute. Inguruko duatloi zale asko irrikatan dago zirkuituari ekiteko, eta izen ematea erritmo onean doa. Eguraldi ona espero da, eta parte-hartzaileentzat zein ikusleentzat gozagarria izango dela uste dute.
Lasterketen antolakuntzak boluntarioen lana eskertzen du; aurten ere 40 bat herritar rek hartu dute konpromisoa. Udalaren eta hainbat komertzio, enpresa eta marka komertzialen laguntza ere aipatu du Segurolak.
Ohiko sariez gain, lehen bikote mistoari sari berezia emango zaio, emakumeen parte-hartzea sustatzeko.
Umeen Duatloia ere antolatu dute Elizmendi plazan, larunbat goizean. Maila desberdinetan jokatuko dira probak, eta izen emateak egunean bertan izango dira, 10:00etatik 11:00etara.
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituak hitzordu ugari ditu datozen asteetan: irailaren 19an Asteasu, irailaren 26an Zarautz, urriaren 3an Durango, urriaren 17an Kanpezu, urriaren 21ean Aia, urriaren 31an Ibarra, azaroaren 14an Idiazabal, azaroaren 21ean Bidania-Goiatz eta azaroaren 28an Aduna.