Lekeitio (Bizkaia) izan da asteburuko azken erronka Euskotren ligako traineruentzat. Arraunerako baldintza egokiekin jokatu dute proba, eta Arraun Lagunak-ek garaiezina dela erakutsi du beste behin: estropada eremuko marka hautsi du, lanak 10:48;35 eko denboran amaituta, eta denboraldiko 11. bandera poltsikoratu du. Oriok seigarren egin du (11:07,40), eta Zumaiak azken postuan amaitu du (11:17,18).
Lehen txandan uretaratu ziren eskualdeko bi traineruak, Orio eta Zumaia, Hibaikarekin eta Donostiarrarekin batera. Hasierako minutuetan txandako goi postuetan kokatu ziren biak ala biak, baina Donostiarra indarra hartzen hasi zen eta ziabogara heltzerako txandako liderra zen. Hibaikak ere gorantz egin zuen, eta Orioren eta Zumaiak pasatzea lortu zuen. Azkenean, txandako hirugarren eta laugarren amaitu zuten Oriok eta Zumaiak, hurrenez hurren. Donostiarra sailkatu zen lehenengo postuan, eta Hibaika bigarren.
Ohorezko txandan, Arraun Lagunak izan zen nagusi berriro ere, Tolosaldeak eta San Juanek gertutik jarraituta. Donostiarrek Tolosaldearekiko lau edo bost segundoko tartea mantentzea lortu zuten proba osoan zehar. San Juan sailkatu zen txandako hirugarren, eta Astillero laugarren.
Horrela, Lekeitioko estropadako sailkapenean, Arraun Lagunak lehen postuan izan zen; bigarren Tolosaldea; hirugarren San Juan; laugarren Donostiarra; bosgarren Hibaika; seigarren Orio; zazpigarren Astillero; eta zortzigarren Zumaia. Sailkapen orokorrean, Oriok bosgarren postuan jarraitzen du 35 punturekin, eta Zumaia azken postuan da 21 punturekin.
Bestalde, KAE 1 ligan, Zarautzek jardunaldia borobildu zuen, asteburuko bigarren bandera eskuratuz Santanderren. Nagusitasunez irabazi zuen (21:08,43), Deusturi baino gehiago atereaz. Kaiku hirugarren sailkatu zen, eta Zumaiak laugarren denbora azkarrena egin zuen (21:31,00). Orio B taldeak bederatzigarren postuan amaitu zuen (22:00,80).
KAE 1 ligan, sailkapen orokorrean, Zarautzek lider jarraitzen du 124 punturekin, Deusturekin berdinduta. Zumaia hirugarren da, 11 puntura lehen bi ontzietatik.




