Lehiaketa honek berrikuntza nabarmen bat dakar: lehen aldiz, egileek beren proposamenak digitalki aurkeztu beharko dituzte. Horretarako, formatu desberdinak onartuko dira, hala nola JPG, TIFF eta PDF, 72 dpi-tan (RGB) eta 300 dpi-tan (CMYK), azken honek 5 milimetroko koskarekin. Aurkeztutako lanen neurriak 450mm x 680mm-koak izan behar dira, eta lanak aurkezteko epea maiatzaren 29a arte egongo da zabalik.
Egile bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzake, betiere jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak badira. Kartel lehiaketak sari bakarra banatuko du, 900 eurokoa, Euskal Antzerki Topaketen irudi ofizial izateko aukeratutako lanaren egilearentzat.
Antolatzaileek izendatutako hiru adituk osatuko dute epaimahaia, eta sormena, kalitate grafikoa eta plastikoa, deigarritasuna, eta erreproduzitzeko eta editatzeko erraztasuna izango dituzte kontuan kartelak epaitzerakoan. Epaimahaiak erabakia hartu aurretik, lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketa bat egingo da, gehienez hogei lanekin.




