Pantxoa eta Peiok kontzertua eskaini dute Bergaran, San Martin jaien barruan, Oxirondo plazan. Jende ugari bertaratu zen bikotearen emanaldiari jarraitzeko eta beraien abesti ezagunenak kantatzeko. Musikariak Manex Pagola ren abestia moldatzeagatik ezaguna den Azken Dantza biraren barruan aritu ziren.
Bergarak berezia izan zen bikotearentzat, izan ere, 1971n Irala zinema-aretoan Hego Euskal Herriko lehen kontzertua jo zuten bertan. Gainera, Telesforo Monzonen lagun minak izan ziren eta haren olerki asko kantatu zituzten.
Ordu eta erdi iraun zuen kontzertua egin zuten Pantxoa eta Peiok.
Iñaki Dieguez (eskusoinua), Mixel Ducau (gitarra), Dánae Riaño (baxua), Gorka Pastor (teklatua) eta Josu Erbiti (perkusioa) izan zituzten lagun oholtzan. Emanaldian zehar, Itziarren semea, Lepoan hartu eta segi aurrera, Urtxintxak, Bai euskarari, Ikastoletako ereserkia eta Kanta aberria bezalako abestiak jo zituzten, testuingurua eta pasadizoak azalduz. Publikoak ere eurekin kantatu zuen.
Kontzertua Euskaldun seme kantuarekin hasi eta Azken dantza rekin amaitu zen. Ondoren, Felix Zubia Sanpru, Fernando Otaño eta Jesus Bolibar bergararrak igo ziren oholtzara. Hauek, 1970eko hamarkadan Elementaleko ikasle zirela, ikasbidaiarako dirua lortzeko harremanetan jarri ziren musikariekin. Otañok orduko eskutitzak gordeta ditu eta haien erreplikak zituen koadro bana oparitu zieten.
Azken kantuak Bake mina eta Batasuna izan ziren, azken honek jendea zutik jarri zuelarik. Amaieran, zaleek argazkiak ateratzeko aukera izan zuten musikariekin.
Joan den irailaren 9an ere Bergaran izan ziren, Monzonen etxean, Goienaren gonbidatuta, eta bertako esperientzia ikus-entzunezkoan jaso zen.




