Helburu nagusia emakumeen ahalduntzea, parte-hartzea, saretzea eta ongizatea sustatzea da, doako jarduera anitzen bitartez. Aurtengo programak tailerrak, urte osoko ekintzak eta bi ikuskizun bildu ditu, emakumeek interesatzen zaizkien arlo desberdinak lantzeko aukera eskainiz.
Tailerren artean, hainbat proposamen nabarmentzen dira: "Emakumeak mugimenduan", "Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa", "Joskintza eraldatzailea", "Amak tribuan", "Aromaterapia", "Biziraupenerako brikolajea", "Irratigintza tailerra", "Eta barre egiten badugu?", "Xaboi komunitarioa", "Chi Kung", "Ahotsak saretzen", "Nola hitz egin jendaurrean", "Emakumeak, perkusioa eta artea espazio publikoan" eta "Nire gorputzaren mapa: kartografia somatikoak, ispilutik haratago".
Gainera, urte osoan zehar garatuko diren bi ekimen ere eskainiko dira: emakume migratuei kirol-eskaintza ezagutarazteko hurbilketa taldea eta "Gure artean euskaraz!" egitasmoa, emakumeen artean euskararen erabilera sustatzeko.
Programak bi ikuskizun ere jasotzen ditu Seminarioko aretoan. Azaroaren 17an, 20:00etan, "Ez dira kolpeak soilik mingarriak" emanaldia izango da, eta azaroaren 21ean, 18:00etatik 19:30era, "Zaintzaren dantza" ikuskizuna.
Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina tailerretan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Izena emateko epea irailaren 17tik urriaren 4ra egongo da zabalik. Bergarako Udalak azpimarratu du eskola hauek topagune, ikaskuntza eta ahalduntze gune garrantzitsuak direla emakumeen autonomia pertsonala eta kolektiboa indartzeko.




