Aurtengo denboraldia berezia izaten ari da Tolosaldea traineruarentzat, baja asko izan baitituzte, horietatik dezente ohiko titularrak. Gainera, entrenatzeko arazoak izan dituzte denboraldian zehar, ez baitute aukerarik izan trainerua Pasaian gordetzeko. Iazko taldetik hamabi arraunlarik utzi dute, horietako bi Donostia Arraun Lagunak taldera joan direlarik. Ramon Erostarbe entrenatzaileak azaldu duenez, "kolpe handia izan da", eta talde guztia berreraiki behar izan dute, harrobiko arraunlariak lehen taldera igota eta kanpotik pare bat arraunlari ekarrita. Hala ere, talde lehiakor bat atera ahal izan dutela adierazi du.
Hamabi baja izatea asko nabaritzen dela dio Erostarbek: "Iazko ababorreko titularretik bakarra geratzen da. Hori da gertatu dena, eta horrekin egin dugu lan". Harrobian hiru arraunlari igo dira trainerura, eta bi kanpotik ekarri dituzte. "Betiko esaten dut harrobiarekin lan egitea gustatzen zaidala, eta kanpotik etortzen direnak aldea markatzeko etorri behar direla", gaineratu du. Aldaketa horien eraginez, aurtengo taldeak iazkoarekin ez duela zerikusirik adierazi du, eta aurten taldea edo blokea gehiago lantzea dela helburua, nahiz eta horrek zailtasun handiagoa ekarri arraunean.
Erostarbe gustura dago orain arteko estropadetako emaitzekin. "Jaitsierak beti lasai prestatzen ditut, hainbat gauza ikusteko", esan du. Pasaiako jaitsieran irabazi egin zuten, eta Gipuzkoako Txapelketan hirugarren geratu ziren. Euskadiko Txapelketan, berriz, bigarren postuan sailkatu ziren, nahiz eta txanda ezberdinetan atera eta baldintza okerragoetan lehiatu. "Oso gustura gaude emaitza horrekin, eta ligan ohorezko txandan egoteko esperantzarekin gaude", adierazi du.
Donostia Arraun Lagunak ontzi indartsuena ikusten du Erostarbek, baja gutxien izan dituen taldea baita. Oriok ere baja asko izan ditu, eta Astillerori buruz ez du ideia handirik. Beste traineruak, San Juan, Zumaia, Hibaika eta Donostiarra, iazko moduan arituko direla uste du. "Hor egongo gara beraiekin lehian. Estropada bakoitza mundu bat izango da, oso parekatua izango baita". Bigarren postua lortzea "sekulakoa" litzatekeela gaineratu du.
Ligako lehen estropada Ekainaren 28an izango dute, Buitrago de Lozoyan (Madrilen). "Ez dugu lekua ezagutzen, eta ea zer baldintza dauden. Indarrak aginduko duen estropada izango da", esan du. Arraunlarien artean giro ona dutela nabarmendu du, eta uretan dena ematen ari direla. "Proiektu berria izanik agian kontzienteagoak dira pixka bat gehiago kostatuko dela, eta oso zentratuta daude".
Erostarbek salatu du San Juan klubak trabak jarri dizkiela Pasaian entrenatzeko eta trainerua gordetzeko. "Ez digute utzi beraiek kudeatzen duten pantalana edo ontziralekua erabiltzen", kexatu da. Horren ondorioz, egunero joan behar dute traineruarekin, eta ez dute babeslekurik eguraldi txarra izaten dutenean. "Kiroltasuna" aipatzen dutela, baina besteek zerbait nahi izatean ez dietela uzten kritikatu du.
San Pedro klubeko proiektuak ez dira aurrera atera, eta orain bere azpiegituretan trainerua uzteko aukera lortu nahi dute. "Tolosako Udalaren eta Pasaiakoaren artean harremanetan daude", esan du Erostarbek, eta ea Tolosako Udalak laguntzen dien eta Pasaiakoak San Pedroko Kalparra azpiegitura uzten dien.




