Azpeitian, edukiontziak txartel edo aplikazio bidez irekiko dira aurrerantzean

Datorren asteazkenetik aurrera, hondakin organikoen eta errefusaren edukiontziak kontrolatu egingo dira txartel berriarekin edo mugikorreko aplikazioarekin.

Hondakin organikoen eta errefusaren edukiontzi kontrolatuak Azpeitiko kale batean.
IA

Hondakin organikoen eta errefusaren edukiontzi kontrolatuak Azpeitiko kale batean.

Azpeitian, hondakin organikoen eta errefusaren edukiontziak txartel bidez edo mugikorreko aplikazio batekin irekiko dira aurrerantzean, kontrol sistema berri bat ezarriz.

Azpeitian, hondakin organikoen eta errefusaren edukiontziek sarbide kontrolarekin funtzionatuko dute hemendik aurrera. Herritarrek jada jaso dute udalak bidalitako txartel berria, edukiontziak irekitzeko balio duena. Datorren asteazkenetik aurrera, txartel horrekin edo mugikorrerako sortu duten 'Ireki' aplikazioarekin zabaldu ahal izango dituzte edukiontziak.
Udalak jakinarazi duenez, lehendik erabiltzen zen txartela ere erabilgarri egongo da aurrerantzean. Aplikazioa erabili nahi dutenek, jasotako eskutitzean dagoen QR kodea erabili beharko dute deskargatzeko. Behin aplikazioa instalatuta, txartela eta aplikazioa bateratu beharko dira, eta horretarako, txartel berriaren atzealdean dagoen QR kodea erabili beharko da.
Sistema orokorrean, orain arte bezala funtzionatuko duela nabarmendu du udalak. Edukiontziak eguneko 24 orduetan egongo dira erabilgarri, eta bizilagunek beren kaleari edo auzoari dagozkion edukiontziak erabili beharko dituzte.
Sarbide kontrolaren helburua da azken urteetan "behera" egin duen hondakinen banatze tasari buelta ematea. Udalak gogorarazi du "denon ardura" dela hondakinen kudeaketa arduratsua eta jasangarria egitea, eta herritarrei laguntza eta konpromisoa eskatu die bide horretan.