Tolosako Bertako Haragien Azoka, gastronomia eta kultura uztartuz

Tolosako Udalak eta tokiko eragileek antolatutako ekitaldiak lau egunez beteko ditu herriko kaleak, maiatzaren 7tik 10era.

Tolosako Bertako Haragien Azokaren irudi generikoa, postuak eta jendea erakusten dituena.
IA

Tolosako Bertako Haragien Azokaren irudi generikoa, postuak eta jendea erakusten dituena.

Tolosako Udalak, tokiko eragileekin elkarlanean, Bertako Haragien Azoka antolatu du maiatzaren 7tik 10era, herriko kale eta plazak jarduera gastronomiko eta kulturalez betez.

Lau eguneko ekitaldi honek bertako haragien balioa, kalitatea eta tradizioa herritarrengana hurbiltzea du helburu. Azokak proposamen anitzak eskainiko ditu, hala nola sukaldaritza ikastaroak, lehiaketak, dastaketak eta zuzeneko musika emanaldiak.
Lehen ekintza maiatzaren 7an, osteguna, izango da: “Herrian zehar, harategitik parrillara” ikastaroa. Kale Nagusiko Jo topagunean hasiko da 17:50ean, eta parte-hartzaileek haragi piezak aukeratzen eta kozinatzen ikasiko dute harakin profesionalen eskutik, ondoren elkarte gastronomikoetan prestatzeko eta dastatzeko. Izen-emateak mugatuak dira, gehienez 30 lagunentzat, eta izenematea.tolosa.eus webgunean egin daitezke.
Ostiraletik igandera, Zumarditxikia n food truck gune bat egongo da, eskaintza gastronomiko zabala eta zuzeneko musika uztartuz. Bertako ekoizleen produktuekin osatutako platerak eskainiko dituzten zazpi postu izango dira, besteak beste, Harakno, Carnicas Goya eta Basque Truck. Musika aldetik, Eider, Bisai, DJ Obrium, Marabiyak, Argazki bat behelainoan, Jo&Swissknife, La Jamba eta Les Cuisiniers arduratuko dira giroa alaitzeaz.
Maiatzaren 9an, larunbata, izango da hitzordu nagusia Trianguloa plazan, 09:00etatik 14:00etara. Bertako Ekoizleen Azoka Berezia egingo da, eskualdeko bi ekoizleren parte-hartzearekin: Lizartzako Ueta etxaldea (txekor haragia) eta Amezketako Aralar’eko (moxal haragia). 11:00etatik aurrera, arkumea burruntzian eta zikiroan, behi-pikaña, saiheskia eta txuleta-txorizoa pintxo eran dastatzeko aukera egongo da.
Egun horretan, haragi gisatu lehiaketa bat ere antolatu da, haur eta heldu banak osatutako bikoteentzat. Gehienez hamar bikotek parte hartu ahal izango dute, eta izen-emateak izenematea.tolosa.eus webgunean egin behar dira. Lehiaketaren helburua haurrak sukaldaritza mundura gerturatzea da. Epaimahaia Casino eta Txinparta elkarteetako kideek eta sukaldari batek osatuko dute. Sariak Ama, Casa Julian eta Berrobiko Iriarte jatetxeetan bi lagunentzako otorduak izango dira.
Azokan lehen aldiz, “Zenbat pisatzen dute?” lehiaketa egingo da Trianguloa plazan. Parte-hartzaileek pottoka eta asto baten pisua asmatu beharko dute. Irabazleek Carnicas Goya eta Barriola harategietarako 100 euroko erosketa txartelak jasoko dituzte, eta herriko harategietako produktuekin osatutako bi sorta zozkatuko dira.