Aurrerantzean, Tolosako Udalak urtean zehar antolatzen dituen azoka bereziei Itsaski Azoka berria gehituko zaie. Ekitaldi hau larunbatean izango da, Trianguloa plazan, 09:00etatik 14:00etara. Helburua itsasoarekin, gastronomiarekin eta itsas kulturarekin lotutako produktuak sustatu, erakutsi eta merkaturatzea da, bereziki artisau-kontserben industriaren sustapena bermatzeko.
Udalak egindako deialdiari erantzunez, zortzi postu egongo dira azokan. Bertan, arrantzaren eta itsaskien sektoreko enpresek, itsasoko produktuen ekoizle eta merkaturatzaileek, eta itsas eremuari lotutako artisau eta erakundeek parte hartuko dute. Postu horien artean, Royo Antxoak eta Urdaibai kontserbak SL (Bermeokoak), Gureik SL (Bilbokoa), Bodegas J. Ramirez (San Vicente de la Sonsierrakoa), Itxasloo Portu (Portugaletekoak), Kosta itsas egurrak (Oiartzungoa), Estibaliz Yuguero (Galdakaokoa) eta Urkizahar (Beizamakoa) izango dira.
Aitor Agirresarobe, merkataritza, turismo eta azoketako zinegotziak, azaldu duenez, urteak zeramatzaten ideia honekin bueltaka eta azkenean antolatzea lortu dute. Gainera, Ardo Zuriaren Azoka Bereziarekin batera egitea erabaki dute, biak ondo uztartzen direlako. Azken urteetan Gure Txokoa elkarte gastronomikoak antolatutako ardo zuriaren azoka ere udalak eta elkarteak elkarlanean prestatu dute.
Ardo Zuriaren Azoka 11:30etik 14:00etara izango da, eta 16 upategitako 19 ardo zuri dastatzeko aukera egongo da, sei euro ordainduta. Horrez gain, Fronton, Xare eta 19-90 tabernek eta Gure Txokoa elkarteak pintxoak saltzeko postuak jarriko dituzte, euro eta erdian.
Ohiko azokak Zerkausian eta Berdura plazan izango dira, baina Euskal Herria plazan ez da posturik egongo, San Joan jaietarako prestaketa lanak direla-eta. Bertako postuak San Frantzisko pasealekuan jarriko dituzte.




