III. Targazki Rallya datorren larunbatean, maiatzak 16, egingo da, eta parte-hartzaileek Tolosan atera beharko dituzte argazki guztiak. Ekitaldi hau argazkilari guztiei dago irekita, eta 16 urtetik beherakoek Gazteen Saria lortzeko aukera izango dute. Argazkien gaiak rallya hasi aurretik jakinaraziko dira.
Izen-ematea rallyaren egunean bertan egin ahal izango da Targazki elkartearen egoitzan (Emeterio Arrese 2, Tolosa), 16:00etatik 17:00etara. Helduek 10 euroko kuota ordaindu beharko dute, eta gazteek doan parte hartu ahal izango dute. Argazkiak JPG formatuan atera beharko dira, eta parte-hartzaile heldu bakoitzak aurretik formateatutako memoria txartel batekin hasi beharko du.
Rallya Herriz Herri ligaren parte denez, emaitzek ligarako balioko dute. Gazteek telefono mugikorrarekin atera ahal izango dituzte argazkiak. Kameraren doikuntza klasikoak onartuko dira (saturazioa, kontrastea), baldin eta argazkia atera aurrekoak badira. Ez dira zuri-beltzeko argazkiak, edizio edo manipulazioak, ezta kameren sormen efektuak ere onartuko. Saridunen berri Tolosako udaletxean emango da, ekainaren 12an 19:30ean egingo den ekitaldian.
Bestalde, Targazki elkarteak Tolosa Herria Argazki Lehiaketa ere antolatu du. Izen-ematea zabalik dago eta maiatzaren 24an amaituko da. Argazkilari profesionalek zein amateurrek parte hartu dezakete, eta egile bakoitzak gehienez lau argazki aurkeztu ditzake. Bi maila daude: maila orokorra eta 8 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa.
Ez dira aurreko edizioetan aurkeztutako argazkiak onartuko, ez da adimen artifiziala erabili ahal izango, eta argazkiek ezin izango dute inolako identifikaziorik edo ur-markarik izan. Argazkiak JPG formatuan aurkeztu behar dira, alderik luzeenak 4.000 pixeleko neurria izan behar du, fitxategiak gehienez 5 mega izan behar ditu, eta fitxategiaren izenak argazki zenbakitik hasi eta izenburuarekin jarraitu beharko du (adibidez: 1_egunsentia.jpg). Izen-ematea targazki.fotogenius.es webgunean egin behar da, eta erabakiaren berri ekainaren 1ean emango da. Sari banaketa ekainaren 27an izango da, eta lehen hiru lanek Argizaiola Lehiaketan parte hartu ahal izango dute.




