Bertan behera utzi dute Hellbona jaialdiaren seigarren edizioa

Amasa-Villabonako udaleko kultura sailarekin izandako desadostasunak eta erantzunik eza direla-eta bertan behera geratu da aurtengo edizioa.

Musika tresnak dituen agertoki huts baten argazkia.
IA

Musika tresnak dituen agertoki huts baten argazkia.

Hellbona jaialdiak ez du aurten aurrera egingo, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Amasa-Villabonako udaleko kultura sailarekin izandako desadostasunak eta erantzunik eza direla-eta.

Hellbona jaialdiak ez du bere seigarren edizioa ospatuko, ez behintzat aurten aurreikusita zegoen urriaren 10ean. Rock eta heavy metal musika zaleak biltzen dituen ekitaldiaren antolatzaileek, Hellbona elkarteak, sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez eman dute erabakiaren berri.
Elkarteak argudiatu duenez, Amasa-Villabonako udaleko kultura sailarekin izandako «desadostasunak» eta «jasotako erantzunik eza» izan dira bertan behera uzteko arrazoiak. «Jaialdi bat behar bezala eta bermeekin antolatzeko ezinbestekoa da elkarlana, komunikazioa eta gutxieneko plangintza. Egoera honetan, ez ditugu baldintza egokiak ikusi aurtengo edizioa aurrera eramateko», adierazi dute.
Hellbona elkarteak gogorarazi du jaialdiaren helburua Tolosaldean rock eta heavy metal musika sustatzea dela, eta horregatik, «erabakia ez da erraza izan». Hala ere, uste dute «erantzukizunez jokatzea dela biderik egokiena» oraingo egoeran.
Amaitzeko, sortutako eragozpenengatik barkamena eskatu dute, eta adierazi dute elkartearen jardunarekin aurrera jarraituko dutela, etorkizunean bestelako ekimen eta jarduerak iragarriko dituztela aurreratuz.