Julen Gabirondo urnietarrak irabazi du Gipuzkoako Sega Sail Txapelketa. Txapelketa Hernanin jokatu zen, eta bertan, eskualdeko beste segalariei aurrea hartu zien irabazleak. Podiuma Mikel Lizartza tolosarrak eta Jokin Etxeberria Bedaion bizi den amasarrak osatu dute.
Lehiakideek 1.000 metro koadroko saila moztu behar izan zuten, ahalik eta denbora laburrenean eta txukunen. Gabirondok 33.10eko denborarekin eskuratu du txapela. Lizartza izan da bigarren sailkatua, 36.39ko denborarekin, eta Etxeberria hirugarren, 37.14ko denborarekin.
Ondoren, Oier Urkola anoetarra laugarren postuan sailkatu da, 40.02ko marka eginda. Lehen aldiz parte hartu duten Amaiur Arrospide leaburuarra eta Josu Mendizabal zaldibiarra, berriz, bosgarren eta seigarren postuetan geratu dira, hurrenez hurren, 44.08 eta 47.20ko denborekin.




